Ariketa proposamen hau ez da izatez estimulazio kognitiborako programa bat.
Egun berezi hauetan, pixka bat pentsatzea eragingo dizuen ariketa/jolas sorta hau proposatzen dizuegu.
Narriadurarik gabeko pertsonentzako zuzenduta daude. Ariketa egiten saiatzea da neurria eta ez honenbesteraino emaitza lortzea.
Ariketak etxean egiteko aukera eskaintzen dute, bai bakarka, bai taldean.

Taldeka nola?

  • etxeko beste kide batzuekin
  • leihotik leihora
  • bideo-dei bitartez
  • telefono deia eginez
  • edo… elkartzeko erabiltzen duzuen edozein baliabide erabiliz

Ariketak prestatzen ditugun heinean gehitzen joango gara

Audio honetako 20. minututik aurrera (Radio Euskadiko elkarrizketan) atal honeri buruzko eta gure lanari buruzko gako batzuk entzun ditzakezu.

Eragin burua erronka txiki hauekin!


 1. Ariketa “Zorion kantua”

  • Helburua Oroimena lantzea
  • Metodoa Bakarka egitekoa
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Idatzi urteko hilabete bat (Maiatza adibidez), azpian, gure ingurukoen artean, hilabete horretan urteak betetzen dituztenen izenak idatzi (senideak, lagunak). Gainera, zehazki zenbat urte dauzkaten gogora ekartzen saiatuko gara. Ondoren hilabete horretako jai egunak idatziko ditugu (adibidea jarraituaz, Langileen eguna Maiatzak 1ean)
  • Laguntza Familiako kideen errepasua egin, lagunena, pertsonai ezagunak…. eta norberaren jaiotze eguna ere kontuan izan

2. Ariketa “Errepikatua?”

  • Helburua Atentzioa lantzea
  • Metodoa Bakarka egitekoa
  • Materiala Fitxa (egin klik fitxa ikusteko, ez bada irekitzen, egin klik hemen)
  • Egin beharrekoa k lauki bakoitzean errepikatuta dauden bi letrak markatu, lerro edo zutabe berean egon behar dute (horizontal edo bertikalean). Lauki bakoitzean bikote bakarra dago
  • Laguntza Ahaztu mundua! zu zeu eta fitxa bakarrik zaudete momentu honetan

3. Ariketa “Animalikeriak”

  • Helburua Oroimena lantzea
  • Metodoa Bakarka edo taldean egitekoa
  • Materiala Ez da ezer behar
  • Egin beharrekoa
    • Euskaraz «T» edo «Tx» letrarekin hasten diren animalien izenak izendatu. Edozein animali mota izan daiteke. Taldean egiten bada, bakoitzak txanda bat izango du
    • Gazteleraz «P» letrarekin hasten diren animalien izenak izendatu. Edozein animali mota izan daiteke. Taldean egiten bada, bakoitzak txanda bat izango du
  • Laguntza Uste baino gehiago daude (bai Euskaraz eta bai Gazteleraz 25 baino gehiago), animo! pentsatu eta gehitu bat gehiago zerrendan

4. Ariketa “Kategoriakoa”

  • Helburua Oroimena eta mintzaira lantzea
  • Metodoa Bakarka edo taldean egitekoa
  • Materiala Ez da ezer behar
  • Egin beharrekoa Letra bat aukeratu, letra horrekin hasten diren eta ondorengo kategorietakoak diren hitzak esan
    • Gizonezkoen izena
    • Emakumezkoen izena
    • Animalia
    • Kirola
    • Herri edo hiri baten izena
    • Janaria
    • Giza goputzaren atal bat

Taldean egiten bada, batek letra esaten du eta beste pertsona batek kategoria bakoitzeko hitz bat

  • Laguntza Erabili ezagutzen ditutzun hizkuntza guztiak. Kategoria bateko hitza ez badugu gogoratzen, ez da ezer gertatzen, hurrengoarekin jarraitu

5.Ariketa “Letreiatuz”

  • Helburua Mintzaira eta kontzentrazioa landu
  • Metodoa Bakarka edo taldean egitekoa
  • Materiala Ez da ezer behar
  • Egin beharrekoa Hitz bat pentsatu eta letreiatu. Ondoren alderantziz letreiatu, azken letra lehenik esan… pentsatutako hitzaren lehen letrara iritsi arte
  • Laguntza Hitzaren luzeeraren arabera gehiago edo gutxiago kostako zaigu… hitza bisualizatu eta letreiatu bitartean, bai alde zuzenera bai alderantzizkora, bisualizatuta mantendu

 


6. Ariketa “Hitz-lotuak”

  • Helburua Mintzaira landu
  • Metodoa Gutxienez bi pertsona
  • Materiala Ez da ezer behar
  • Egin beharrekoa Bakoitzak hitz bat esan behar du baina hitzaren hasierako silaba aurrez esandako hitzaren azken silaba izan behar da (adibidez, MendiAAzaLA LArroSA SAkoNA…)
  • Laguntza Errepikatu silaba behin eta berriz umeek egiten duten modura, za-za-za-za…. zapata!

7. Ariketa “Debekatutako letra”

  • Helburua Mintzaira landu
  • Metodoa Bakarka edo taldean egitekoa
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa 2 edo 3 letra idatzi eta letra horiek ez dituzten hitzak esan. Idatzitako letretan bokal bat edo gehiago badaude, zailtasuna handiagoa izango da
  • Laguntza Hitza esan aurretik, letrak begiratzen dituzun bitartean, buruan errepasua egin

8. Ariketa “Lagundun letrak”

  • Helburua Mintzaira landu
  • Metodoa Bakarka edo taldean egitekoa
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa 3 letra idatzi eta letra guzti horiek dituzten hitzak esan. Oraingoan, zenbat eta kontsonante gehiago orduan eta zailagoa izango da hitzak aurkitzea
  • Laguntza Hitza esan aurretik, letrak begiratzen dituzun bitartean, buruan errepasua egin

9. Ariketa “Urkatua”

  • Helburua Mintzaira landu
  • Metodoa Gutxienez bi pertsona
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Pertsona batek hitz bat pentsatzen du eta hitzak dituen beste marratxo marrazten ditu (adibidez; hitza ATEA bada, 4 marratxo jarriko dira honelaxe _ _ _ _), beste pertsonak letrak esango ditu hitza igartzeko helburuarekin. Hitza pentsatu duenak igarritako letrak dagokion marratxoan idatziko ditu. Hitzari ez dagozkionak ere idatziko ditu (marratxoetatik kanpo, noski) berriz ez daitezen aipatu. Hutsegite bakoitzeko “Urkatua” marrazkiaren lerro bat egingo du, hitza igarteko denbora muga gisa.
  • Laguntza Letra batzuk ohikoagoak dira (ohikoak ez direnak “w”, “y”…) eta bokalak laguntza ona ematen dute

10. Ariketa “Bikoteak”

  • Helburua Atentzioa eta oroimena lantzea
  • Metodoa Gutxienez bi pertsona
  • Materiala Binaka irudi berdina duten fitxak. Atze aldea fitxa denak berdinak dira
  • Egin beharrekoa Fitxa guztiak behe-aldera begira jarri eta txandaka bi fitxa jasoko ditugu, jasotako fitxa hauek dituzten irudiak erakutsiz. Bikoteak aurkitu behar ditugu (irudi bereko bi fitxa), baina aurkitzen ez ditugun bitartean, fitxak zeuden moduan utziko ditugu (behera begira, irudiak izkutatuz) norberan txanda itxoiten dugun bitartean irudi bakoitza non dagoen gogoratuz.
  • Laguntza Joku honetarako fitxak badaude baina bi karta sorta ere erabili daitezke, 2 urrezko errege, 2 zazpi ezpata… nahi beste bikote.

11. Ariketa “Dendarika”

  • Helburua Kalkulua landu
  • Metodoa Gutxienez bi pertsona
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Erosketa zerrenda bat sortu, gai desberdinei prezio bat egokituz. Ondoren “erosleak” erosi nahi dituen gaiak eta zenbatekoak zehaztuko dizkio “dendariari”. “Dendariak”, guztirako prezioa kalkulatu beharko du
  • Laguntza …Patatak 1,20 euro/kg-ko eta 2 kilo eskatu badizkit eta azaloreak 2,80 euro… 1,20*2 + 2.80…5,20 euro izango dira guztira

12. Ariketa “Gure oroitzapenak”

  • Helburua Oroimena lantzea
  • Metodoa Gutxienez bi pertsona
  • Materiala Etxean ditugun argazkiak
  • Egin beharrekoa Bata behatzailea izango da eta bestea elkarrizketatzailea. Behatzaileak, segundu batzuz, argazki bat ikusiko du eta elkarrizketatzaileari emango dio argazkia. Elkarrizketatzaileak behatzaileak argazkia ez duela ikusiko ziurtatuko du eta argazkiari buruz galderak egingo dizkio. Behatzaileak galderei erantzungo die.
  • Laguntza Galderak mota hauetakoak izan daitezke: arropen koloreak, agertzen diren pertsonen ordena, nor noren alboan azaltzen den….

13. Ariketa “Hasten da, hasten da…”

  • Helburua Mintzaira landu
  • Metodoa Bakarka edo taldean
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Edozein silaba aukeratu eta silaba horrekin hasten diren hitzak idatzi. Ariketa zaildu nahi baduzue, silaba horrekin bukatzen diren hitzak idatzi
  • Laguntza Errepikatu silaba behin eta berriz umeek egiten duten modura, za-za-za-za…. zapata! Teknika hau, silaba, hasieran duten hitzentzako lagungarria izango zaizu eta ez hitzaren bukeran dutenentzat

14. Ariketa “Zenbaki saila”

  • Helburua Kalkulua lantzea
  • Metodoa Bakarka egiteko
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Zenbaki bat aukeratu eta buruz kantitate jakin bat gehitzen joan aldiro. Horrela bizpairu lerro bete paperean. Adibidez, 256 zenabakiarekin hasi eta 8 gehitzen joango gara: 256-264-272-280-288-296-304…. Kenketa moduan ere egin daiteke ariketa bera.
  • Laguntza Kalkulagailurik ez, mesedez.

15. Ariketa “Letra nahaskia”

  • Helburua Mintzaira lantzea
  • Metodoa Bakarka edo taldean
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Paperean hitz luze bat idatzi, EGUZKIA adibidez. Behean hitz horretako letrak erabiliz sor daitezkeen hitzak idatzi. Letra horiek erabili daitezke eta hitzean errepikatzen diren neurri berdinean. Adibideari jarraituaz: Ekia, Kea, Uzkia, Zaku
  • Laguntza Jolastu letrekin, letra bat aukeratu eta hitz horretan daudenak gehitu, frogatu behin eta berriz

16. Ariketa “Ezker/Eskuin”

  • Helburua Ohituratu gabe daukagun burmuin-hemisferioan eragin
  • Metodoa Bakarka edo taldean
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Liburu, egunkari… bateko lerrokada bat kopiatu ezker eskua erabiliz (eskumatientzat). Ezkertiarrek eskuin eskuarekin egingo dute. Ohikoa ez den burmuin-hemisferioari eragiten diogu ariketa honekin. Zaila da egitea, bat axola emaitzak!
  • Laguntza Dena gutxi da. Ondo egitea ezinezkoa dela dirudi, baina ez du axola. Automatizmoak ekiditen dira eta burmuneko guneetan eragiten da ariketa egin bitartean.

17. Ariketa “Abestera!!!!”

  • Helburua Oroimena landu
  • Metodoa Bakarka edo taldean
  • Materiala Papera eta arkatza
  • Egin beharrekoa Asko gustatzen zaizun abesti baten letra idatzi, errepika edo leloa baina gehiago gogora ekartzen saiatu eta… Abestu!… eta… Dantzatu!
  • Laguntza Ez duzu asko beharko, urteak direla abesten zenituen kantak gogoan izango dituzu. Bestela, marmarrean abesten hasi eta denon artean irtengo da kantua

18. Ariketa “Miauka”

“KATU” euskarazko makina bat hitzetan agertzen da, “KATUa”, “DebeKATUa”…. “KATU” duten zenbat hitz aurkituko dituzu?