“Zahartzaroan IBILTZEA fisikoki ondo sentitzeko egokia den moduan, maila kognitiboan ematen diren narriadurak ekiditeko, beharrezkoa da OROIMENA LANTZEAArrasate-Mondragón, Bergara, Oñati, Elorrio, Durango

 

             

OROIMENA LANTZEKO TAILERRAK

 

“Zure gorputza aktibo eta osasuntsu mantentzeaz arduratzen bazara, zergatik ez zure buruaz?”

Oroimen tailerrak inongo patologiarik ez duten pertsonei bideratuta daude. Zahartzaro-prozesuaren eraginez ohikoa izaten den memoria galera ekiditeko eta hobetzeko, oroimena aktibo mantentzea da gure lanaren helburua.

Tailer hauetan, taldeko jarduerak eta banakako jarduerak garatzen dira, eta esparru kognitibo desberdinen inguruan lanketa egiten da.

Jarduera anitzak dituzten tailer dinamikoak dira, eta modu atsegingarrian eta dibertigarrian, gure burua aktibo mantentzen dugu.

Tailerretara etortzen direnek, maiztasun jakin batekin, beraien oroimena eta bestelako gaitasunak treba ditzakete maila kognitiboan “bizkor edo bizi-bizi” mantentzeko aukera emanez.

Esperientziak, bizipenak eta zailtasunak besteei azaltzeko tartea ere eskaintzen da talde hauetan. Helburua ez da ezagutza lortzea edo frogatzea (ez da eskola bat), gure gaitasunak lantzea eta trebatzea baizik. Horrek guztiak, entretenimendu eta dibertsio-giroan, gure eguneroko bizitzan zuzeneko onurak lortzea ahalbidetzen du.

Saio hauek pertsona talde desberdinei ematen zaizkie. Gaur egun, Bergarako, Arrasateko , Aretxabaletako eta Eskoriatzako zahar egoitzetan eta Itziarko Burugorri zentroan garatzen ditugu.

 

……………

………..BAKARKAKO SAIOAK

 

Saio hauetan hasierako faseetako narriadura kognitiboak (Alzheimerra eta bestelako buru-gaitzak) dituzten pertsonek parte hartzen dute.

Psikoestimulazio kognitiboko saio indibidualak eta pertsonalizatuak dira, erabiltzaile bakoitzaren errealitate partikularra kontuan izanda lantzen direnak. Etxe partikularretan garatzen dira, astean bitan.

Saio hauen helburua da ikuspegi kognitibotik pertsona modu aktiboan eta suspertuta mantentzea, oraindik kaltetu gabe dauden esparruak suspertuz eta bestelako funtzioen erabilera ezak saihesteko edo gainbehera kognitiboa eta funtzionala moteltzeko.

Esku-hartzeak pertsonaren autonomiaren hobekuntzari laguntzen dio. Horrek, batetik, gaixotasuna bera onartzea, eta bestetik, ahalik eta autonomia handiena izaten lagunduko dieten tresnak izatea eskatzen du.

Pertsonaren gaitasunak eta autonomia mantentzera bideratutako lan honek, erabiltzailearen egunerokotasunean laguntzen du, eta horrez gain, bere familia eta giza-harremanak hobetzen ditu.

Pertsonek une orotan, bere egoera partikularraren araberako esku-hartzeari etekina atera diezaiokete.

Homologatutako material desberdinekin, orientazioa, arreta-kontzentrazioa, funtzio betearazleak, oroimena eta gainerako gaitasun kognitiboak lantzen dira.

Familiek, oinarrizko atala diren neurrian, sostengua, adorea, estimulua eta egoera hauei laguntzen dieten prozesu pertsonalak lantzeko laguntza jasotzen dute. Hots, eguneroko bizitzari jarrera lasaiagoarekin aurre egiten laguntzen diegu.